Pedro Luis Arias

Pedro Luis Arias Industria Ingeniaritzan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean (1984), eta gaur egun Ingeniaritza Kimikoko eta Ingurumen Teknologietako Saileko katedraduna da Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Era berean, Eusko Jaurlaritzak errendimendu handikotzat izendatu duen “Prozesu Jasangarrien Ingeniaritza/Sustainable Process Enginering” (SuPrEn) ikerketa-taldeko burua da. Doktorego-tesia amaitu ondoren, doktoratu ondoko ikerlari gisa lan egin zuen Londresko Unibertsitateko Imperial College of Science, Technology and Medicine departamentuan (1986) eta Bostongo Massachusetts Institute of Technology departamentuan (1988). 60 ikerketa-proiektutan baino gehiagotan parte hartu du, eta horietako 25 zuzendu ditu. Europako Batzordeak, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu dituzte proiektu horiek, baita zenbait enpresa industrialek (Tecnicas Reunidas, Repsol, CEPSA, Befesa, Formica, Cementos Portland de Lemona, Sefanitro…) ere. 4 patenteren titular eta argitalpen zientifiko eta teknologiko ugariren egile ere bada. Prozesu katalitiko berritzaile eta jasangarrien garapena du ikerketa-ildo nagusia, honako arlo hauetan: hidrogenoaren eta erregai jasangarrien ekoizpena eta biltegiratzea, biofindegiak eta industria-hondakinen birziklatzea, besteak beste.